Proiektuak gauzatzeko gaitasuna duen gidaritza bat behar du Bergarak, EH Bilduk kirolaren esparruan azken urteetan izandako gabeziei aurre egiteko

Bilduren kudeaketa “negargarria”-ren aurrean, jeltzaleek “hitzetatik ekintzetara pasatzeko” hitza eman dute eta kirol elkarte eta taldeen alboan egoteko konpromisoa hartu du Mikel Lete alkategaiak.

Jeltzaleek gaur egindako agerraldian Agorrosingo proiektuaren garrantzia azpimarratu dute eta kirolaren arloan herrian datozen urteetan egin nahi dituzten egitasmoen berri eman dute. Mikel Lete Txintxurreta alkategaiak argi dauka EAJ-PNVren apustua zein izango den: “Bergarak  kirolerako eta aisialdirako hiru gune garrantzitsu ditu: Labegaraieta, Frontoia eta Agorrosin. Behin Labegaraieta eraberritzen amaituta, Agorrosinekin jarraitzeko ordua da”. Hala, kirolaren alde egitea herriaren, ongizatearen eta osasunaren alde egitea dela sinesten du Letek eta EAJ-PNV kirol taldeen eta elkarteen alboan egongo dela agindu du. “Proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna duen gidaritza bat behar du orain Bergarak, EH Bilduk kirolaren esparruan azken urteetan izandako gabeziei aurre egiteko”, esan du Letek.

“Herritarrekin eta kirol munduarekin, zorretan egon da azken urteetan udaletxea”, Leteren arabera. Azaldu duenez, osoko bilkuran 2019ko maiatzean onartu zen Agorrosingo hitzarmena eta  gogora ekarri du Agorrosin udalekotzeko negoziazioak 30 urte iraun eta gero, behin bereganatuta ezinbestekoa dela Agorrosin eraberritzearekin jarraitzea. Horretarako, “proiektuak aurrera eramateko gaitasuna duen gidaritza bat behar da udaletxean” eta ez EH Bilduren kudeaketa “negargarria”. “Proiektuaren lehen fasea besterik ez dute egin urte hauetan, zelaiko belar naturala kendu eta artifiziala jartzea, eta hori ere kostata eta nekez egin dute”, alkategaiak azaldu duenez. Kudeaketa txar hori ez da soilik EAJ-PNVren balorazioa eta BKEk eta futbolariek hainbatetan egindako aldarrikapenak ekarri ditu gogora Letek. Honengatik guztiarengatik, “onartezina da osoko bilkuran onartutako hitzarmenaren kudeaketa eza, baina hori da EH Bilduren kudeaketa eredua, azterketak eta azterketak kudeaketa ezaren aurrean, ezjakintasuna nagusi”.

Konpromisoa eta elkarlana kirol taldeekin

Honen aurrean, jeltzaleak hilabeteak daramatzate entzute aktibo ariketa egiten eta eragileekin elkartzen, haien beharrak entzun eta identifikatzeko. BKErekin izandako bileren ostean,  zeukaten susmoa argi geratu dela baieztatu du Letek. Horregatik jeltzaleek hasitako bidearekin jarraitzeko konpromisoa adierazi dute: “Hitzetatik ekintzetara pasatuko gara eta eragileekin elkarlanean bigarren fasea – harmailak, aldagelak, bulegoak, uraren azpiegiturak….-  eta hirugarren fasearen – Agorrosingo hasieran geratzen den esparruaren egokitzapena –  proiektuen idazketa eta exekuzioa gauzatzeko konpromisoa hartzen dugu”.

Horrez gain, Ipintzako futbol zelaiaren “egoera tamalgarria” ere ezin da gehiago luzatu, Leteren iritziz, eta  “honi ere irtenbidea eman behar zaio, egoera kaxkarrean baitago eta erabiltzaileek lesioak izan ditzakete”. Hala, jeltzaleek zelaia eraberritzeko nahia erakutsi dute eta proiektuaren garrantzia azpimarratu dute. Hain zuzen, proiektuaren idazketa eginda egotea oso garrantzitsua da, gainontzeko erakundeetan sortu daitezkeen diru-laguntza lerroen aurrean prest egoteko eta aukerak ez galtzeko. Azkenik, EAJ-PNVk argi du Agorrosingo gimnasioa ere txiki geratu dela eta irtenbidea eman behar zaiola. “Aukerak badaude, baina kudeaketa zorrotza eskatzen du eta gu prest gaude elkarlanean aurrera eramateko”, dio Letek.

Bergaran, 2023ko maiatzaren 17an.

  1. Utzi iruzkina

Utzi iruzkina